Batzuetan txarto sentitu naiz jai-giroan. Ez dakit zelan azaldu, zer izen eman sentsazio horri, baina… ez naiz gustura sentitu.
Gau batean denbora luze eman nuen tipo batekin berbetan, egoerak eraman ninduen, besterik ez. Bat-batean deseroso hasi nintzen sentitzen.
Ez dakit heldu nahi ninduen moduagatik izan zen, edo bere begiradagatik … edo beharbada dena hasi zelako arinegi gertatzen. Berarekin joateko esan zidan birritan, baina zerbait ez zegoela ondo sumatu nuen. Neuk esan nion ez nuela gogorik, eta berak erantzun zidan berotzen ibili nintzela, ezin nuela horrela utzi… presionatzen hasi zen, errudun sentiarazi nahi ninduen. Eskerrak neure sentsazioei egin niela kasu, eta joan egin nintzela.
Batzuetan, egoerari eramaten uzteak, edo gure sentsazioez ez fidatzeak, benetan egin nahi ez duguna egitera bultzatzen gaitu; nahi ez dugunarengana bultzatu ahal gaitu, deseroso sentiarazten gaituen zerbait egingo dugu, eta baliteke sasoiz gelditzeko kapaza ez izatea. Sentsazio arraroa badaukat, deseroso banago, gelditzeko momentua da. Ez diot giroari eramaten utziko.
Neuk erabakitzen dut zer egin, norekin, noiz, non eta noraino ailegatu nahi dudan. Pertsona batek presionatzen duenean, temati konbentzitu nahi gaituenean, akosatzen ari da, jazarpena da eta sexu-erasoa izatera ailega daiteke.
Neuk beti erabaki ahal dut:
- Noraino heldu nahi dudan
- Zer ez zaidan gustatzen eta zer ez dudan egin nahi
- Noiz gelditu egoerak txarto eta deseroso sentiarazten banau.
- Gezurrei kasurik ez egitea, engainuei eta irainenei lekurik ez ematea. Ligearen jokoan sartzeagatik ez nago azkenera arte ailegatzera beharturik, askoz gutxiago niretzat desatsegina bada.